Mae de la Concha Islas Baleares hautagaitza

Mae de la Concha

61 urte ditut, autonomoa naiz, hiru alaben ama, eta liburu-saltzailea Menorcako Ciutadellan. Hemen bizi naiz azken hogeita hamabost urteotan.
16 urte nituenean hasi nintzen lanean, eta nire prestakuntza autodidakta da funtsean. Frantzian bizi izan nintzen, baita Ingalaterran ere. Hizkuntza-eskola ofizialeko ingeleseko eta frantseseko goi-mailako tituluak atera nituen deialdi librean. Katalanez nahiko ondo moldatzen naiz, eta italieraz ere halako maila dut. Aukera izan dudan bakoitzean arlo hauetako ikastaro eta tailerretan parte hartu dut: literatura, historia, artea eta pentsamendua.
Gai hauen inguruko orok erakartzen du nire arreta: haurtzaroa, bizitzako lehenengo urteetako hezkuntza, kultura patriarkalaren ondorioak eguneroko harremanetan, eta nesken egoera gaur egungo munduan, umeak eta nerabeak kontuan hartuta. Ahal izan dudan guztietan lagundu dut familia ahuletako umeei eskola ematen.
Menorca biosfera-erreserba da. Ingurumenak eta klima-aldaketaren ondorioak ere kezkatzen naute, eta gai horiei buruz ahalik eta informazio gehien eskuratzen ahalegintzen naiz. Animalien bizi-baldintzak, biodibertsitatea, tokiko laborantza eta kontsumoa ere interesgarriak iruditzen zaizkit. GOBeko (Balearretan garrantzi handia duen talde ekologista) eta Greenpeaceko kide naiz.
Podemosen sartu nintzen Europako hauteskundeen ondorioz; izan ere, ni benetan ordezkatzen ninduen talde batek emaitza ikusgarri eta itxaropentsuak izan zituen. Oraingoan ni naiz, herritar talde handi batekin elkartuta, gure Parlamentuan oraindik ahotsik ez dutenen ordezkari izan nahi duena.
Jende arrunta da, suminduta eta harrituta ikusten dute eskuratu zituzten eskubideak pixkanaka desagertzen ari direla, eta zabaldu ziren bideak berriro ixten.
Herritarren laguntzarekin eta konformatzen ez garenok elkarrekin egingo dugun ahaleginaren bidez lortuko dugu haizea ibiltzea eta giro-aldaketa gure aldekoa izatea. Nire kideek, Kongresurako zein Senaturako hautagaiek, berebiziko maila dutela ikusteak adore ematen dit. Nire aldetik, urteek ematen duten esperientzia eta hainbat tokitan bizi eta lan egin izanak ematen duena denen esku jartzea espero dut.

Partekatu nire profila